Suizidioa berrogeialdian. Bizitza maitatzeko orientatzea.

  • Asteazkena, 29 Apirila 2020
  • Irakurri 1179

Goizeko 9:30ak dira. Egun batzuk daramatzagu koarentenan. Zalaparta bat entzuten dut bizi naizen eraikineko patio komunean. Nire 4. solairuko leihotik burua atera eta pertsona bat ikusten dut lurrean, mugiezin. Bere inguruan, poliziak, medikuak... Poliziek galdetzen dute ea norbaitek pertsona hori ezagutzen duen. Auzoko batek dio senide baten telefonoa duela. Eszena, hunkituta ikusten dut. Denbora asko igaro ondoren, ohartu nahiz, gorpua ezagutzera seniderik ez dela hurbiltzen. Koarentena garaia delako izango da, emozionala ere bai. Ehorztetxeko langile batzuk iristen dira, gorpua jaso eta eraman egiten dute. Erabateko bakardadea. Heriotza ia anonimoa.

Eszena ez zait memoriatik ezabatuko luzaroan. Ordu batzuk igaro ondoren, tristura sentsazioa ez da desagertu, baina horrekin batera, paradoxikoa iruditzen zaidan gogoeta bat datorkit: ospitaleetan bizitzak salbatzeko borrokan ari diren bitartean, pertsona batzuek eurena amaitzea erabakitzen dute, pairatzen duten sufrimendu psikiko edo fisikoaren tunelaren amaieran argirik ikusten ez dutelako. Pertsona hori ezagutu nahiko nukeen, berarekin hitz egin ahal izan, … bere sufrimendua betiko amaitzera eraman zuen azken orduen larritasuna imajinatzen dut. Ezintasuna.

Koarentena-egoerak areagotu duen bakardade-sentimenduak, zalantzarik gabe, larritze emozionala eragin du eta eragiten ari da pertsona ahulenengan. Hirietan denok fisikoki oso hurbil bizi gara, baina existentzialki oso urrun ere.

 

Sufrimenduari aurre egiteko heztea posible al da?

Hezkuntza orientatzaile gisa, gero eta garrantzitsuagoa ikusten dut bizitzaren zentzuan heztea. Viktor Emil Frankl (1905 - 1997), Austriako neurologo eta psikiatra ezaguna, Holokaustotik bizirik atera zena eta logoterapiaren sortzaileak, zera esaten zuen: "Bizitza ez da inoiz jasanezina bihurtzen zirkunstantziengatik, baizik eta esanahi eta asmo faltagatik". Bizitzari zentzua aurkitzea eta, batez ere, jasanezina egiten zaigunean, lehentasunezko hezkuntza-erronka da, baita hezkuntza orientaziorako ere: bizitzen irakastea, barnekotasuna eta autoezagutza heziz.

Erronka horri aurre egiteko, hezkuntza-orientazioan dihardugunok funtsezko gako batzuk eman ditzakegu. Jarraian deskribatuko ditut horietako batzuk:

  • Benetan garrantzitsuak diren eta gizaki bezala bete gaitzaketen gauzak aurkitzen laguntzeko, ikasleekin batera bizitzari zentzua bilatzeko bidea egitea. Gauza horiek ez daude, hain zuzen ere, norberaren baitatik kanpo, pertsonaren barruan baizik. Zentzua aurkitzeak ez du esan nahi ideologia edo pentsamendu jakin bat irakatsi behar denik, baizik eta pertsona bakoitzak bere bizitza orientatzen duten gakoak deskubritu behar dituela. Hezitzaile gisa, pertsonari galderak egiten laguntzea garrantzitsuagoa da erantzunak ematea baino.

  • Bakardadea maitatzen ikastea. Bertan, pertsonak berak ezagutzen ez dituen bere dimentsioetara hurbiltzeko aukera aurkitzea. Bakardadea autoezagutzara irekitzeko bidea da, gertatzen zaizkigun gauzetatik, gure sentimenduetatik eta emozioetatik distantzia hartzen ahalbidetzen diguna, gero behar bezala integratu ahal izateko. Bakarrik egoteko beldurrik ez izatea, izan ere, gu ez gara gure etsaiak. Norberak bere burua onartzea da, halaber, jakitea zoriontasunaren gakoa ez dagoela kanpoan, barruan baizik, eta zoriontasuna oso baldintzatuta dagoela kanpoko errealitatea hautematen dugun moduagatik.

Gauza asko egin ditzakegu bakarrik egonda; liburu bat irakurri, musika entzun, paisaia batez gozatu... bakardadeari beldur dionak, ziur asko, bere buruari beldurra dio, eta beti beste baten makulua beharko du bere gabeziak betetzeko. Bere burua maite duena bakarrik da gai besteei guztiz bere burua eskaintzeko, eskuzabala izateko, mundu hobeago bat egiten laguntzeko.

  • Bakoitza bere barrutik begiratzen ikasteak (autoezagutza) onarpenera garamatza, eta hori ez da etsipena, baizik eta bizitzak ematen dizkigun edo ekarriko dizkigun egoera mingarriak kudeatzen ikastea: maite dugun pertsona baten heriotza, desamodioa, gaixotasun baten etorrera... aurre egiteko gaitasun honi, erresilientzia esaten diogu orain. Horretarako, beharrezkoa da, krisi-uneak iristen direnerako, bakoitzak bere burua maitatzea, onartzea eta autoestimuaren motxila ondo beteta edukitzea. Ikasleek baliabide pertsonalak garatu behar dituzte beren eraikin pertsonala hondatu gabe egoera mingarri horiei arrakastaz aurre egin ahal izateko. Gaitasun horiek haur eta gazteak izanik sortu arren, bizitza osoan zehar garatzen dira.

Haurrak garenean, onarpen-sentimendu horren eta pertsona baliotsutzat hartzearen oinarria besteengandik iristen zaigu, baina heldu egiten garen heinean, autonomiaz garatu behar dugu … "hazkunde pertsonala" esaten dioguna. Bakoitzak norbere burua maitatzen ikastea, beste batzuk maitatzeko. Besteekiko topaketa ez da egiten gabezia pertsonalak betetzeko, baizik eta ni bezalakoa ez den beste batekin topo egiteko, hitz egiteko, besteek duten gauza positiboak deskubritzeko eta elkar aberasteko.

  • Egunerokotasunaz eta gauza txikiez gozatzea. Asperdura ez da bere buruarekin gustura dagoenarengan sarri agertzen, eta, hala gertatzen bada, ez da porrot gisa bizitzen, hazteko denbora erabilgarri gisa baizik.

Aurreko guztia AHALDUNTZE hitz batean laburbil daiteke. Termino hori, emakumeei oso maiz aplikatzen zaiena, testuinguru honetan, honako esanahi hau izango luke: erabat eraitsi gabe, bizitzari bere konplexutasun osoan aurre egiteko beharrezkoa den gaitasun pertsonala garatzea. Ahalduntzea, aztoratzen gaituzten emozioak kudeatzeko, bizitzak, hala eta guztiz ere, zentzua izan dezakeela sentitzeko. Gizakia baliotsua da duintasuna duelako eta bakoitza ordezkaezina delako.

Ahalduntze hori lortzeko, teknika eta estrategia asko ditugu, baina, agian, garrantzitsuena falta da: hezkuntza integral bat bultzatzea, eta ez soilik arrakasta akademikoa helburu bakar bezala duena. Hezkuntza integral horrek baliabide pertsonalak barneratzen lagunduko die ikasleei, lehenago edo geroago beren bizitzaren bidean aurkituko dituzten zailtasunei aurre egiteko. Zailtasun horiek, askotan, ikasleen oreka pertsonala kolokan jarriko dute.

Zeregin hori betetzeko, orientatzaileok gauza asko egin ditzakegu. Jarraian horietako batzuk deskribatuko ditut:

  • Tutoretza-ekintzako planak lehen aipatutako balioetan txertatzea. Zoriontsuak izateko orientatzea, zentzuz betetako bizi bat izateko. Gure orientazio-planen helburuek barnean hartu behar dituzte ere, ikasleei beren burua ezagutzen, dimentsio pertsonal berri ezezagunak aurkitzen eta eguneroko gauza txikiak baloratzen lagunduko dizkieten jarduerak.

  • Hezkuntza zentroak ahalduntze emozionalerako eta bizi-ahalduntzerako espazioak izan daitezen bultzatzea, non gure ikasleen zoriontasuna garrantzitsua izango den eta horretarako lan egiten den. Adibidez, ikasleak irakasle edo orientatzaile batengana joan ahal izatea zailtasun-uneetan,  laguntza eta aholkularitza aurkitzeko. Arrazoiak ezberdinak izan daitezke: pertsonalak, familiarrak, akademikoak eta abar.

  • Ikasleei, mundu hobeago baten alde, historian zehar gizakiaren existentziari balioa eta zentzua eman dioten pertsonen biografiak erakustea. Ezin dugu onartu etsipenez, gure gazteen erreferenteak pertsonaia ospetsuak, youtuberrak... izatea soilik, ezta haien helburuak gehiago kontsumitzea, gauza gehiago izatea edo gozamen indibidualista hutsa izatea ere.

  • Era berean, tutoretza-ekintzaren esparruaren barruan, oso garrantzitsua da beren nia sakonenarekin konektatzen lagunduko dieten bizipen-esperientzietan hastea, hala nola meditazioan, mindfulnessean, erlaxazioan, bizipen-talde-dinamiketan eta abarretan.

Hemen aurkeztutakoak, tutoretzako ekintza-planen edo ikastetxean egin daitezkeen bestelakoen bitartez, espazio batzuk bultzatzeko ideia batzuk baino ez dira, Introspekzioa eta autoezagutza bultzatuz, barnekotasuna garatzeko helburuarekin, gizarteari gauza asko eman diezaioketen pertsona baliotsuak direla deskubritzeko. Orientatzaileak ikasleen bidaia-lagunak izan gaitezke. Haien hazkunde pertsonala eta soziala gure hazkundea ere izango da. Izan ere, bidaia horretan elkarrekin ikasiko dugulako bizitza maitatzen.

 

Ernesto Gutiérrez-Crespo Ortiz. Hezkuntza orientatzailea.


  • info@psicopedagogia-euskadi.org

    Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia aztertzeko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, erabilera onartzen duzula suposatuko dugu.